XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Uda joan zen, udazkena gero... baita negua berriz etorri ere.

Lantegiko eginbeharrak aurrera zihoazen etenik gabe.

Baina lanak luze izaki, hurrengo uda gainera etorri zitzaien pabeloia osorik eta tente bukatua ikusi ahal izateko.

Txuri-txuria kanpotik, zabala oso eta ez oso garaia.

Zabalera guztian sei kristaletako leiho handi samarrak zituen.

Bazuen alde batera, beste dena baino garaiago beira luzez estalitako gela saila, bulegotarako ziur aski.

Erdi aldean, atzera samar, tximinia bat luze-luzea.

Bazirudien zerua ere ikutzen zuela, horrenbesterainokoxea zen.

Burdinazko ate bikaina erdi-erdian, errekatxoa atzekaldean, eta aurrez-aurre lorategia, lantegia bera bezain zabal.

Ikusgarria zegoen dena bere osoan, koloretan berri eta txukun.

Arratsean trapalarako jendetza ugaria bildu zen.

Otordu garaian ez zen beste konturik, biharamunean inaugurapena bait zen eta nor bere zereginaz aritu zen: txarangak prest zeudela, buruhandientzat jantzi berriak josiak, txistulariek doinu berririk ikasi omen zuten, neska-mutil gehienak baserritar jantziak prestatuak omen, larrienak bestelako jazkera berri dotoreren bat ere bai kanpoan erosia...